XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beti baserritar inguru edo giroan agertzen da eta bere bizimoduarekin erlazionaturik.

Hirurogeigarren hamarkadan, bikote gutxi geratzen ziren eta hauek halako eskualdeetan: Donostia-Urumea inguruan: Lasarte, Hernani, Astigarraga, Ergobia, Altza,...(txalaparta), Oiartzun, Lesaka (tobera) eta Bidasoa-Baztanaldean (kirikoketa).

Toki guzti horietan ikasi dugu txalapartaz dakiguna, baina denen artean, Lasarteko Sasoeta baserriko Migel eta Pello Zuaznabar eta Astigarragako Erbetegi-Etxeberri baserriko Asentsio eta Ramon Goikoetxea anaiak izan dira gure berriemaile eta irakasle nagusiak.

Noiz eta zertarako erabili izan da?

Bi ekintza sozial mota desberdinetan agertzen da: Auzolanetako eginbeharrekin eta ezkontza ospakizunarekin lotua, hori bai, beti festa giroan.

Donostia-Urumealdean sagardoa egiteko auzolanaren inguruan ezagutu dute bertakoek bizirik ohitura hau.

Sagarra jotzearen ondotik, lanean aritutakoek afaria eginez, festa bat ospatzen zuten.

Batzutan afari dotorea izaten zen, bestetan ez hainbeste.

Ramon Goikoetxeak dioenez: batzutan makailoa, bestetan sardin zaharra, baina festa beti egiten zen.

Falta ez zena sagardoa zen, sagardoa edo zizarra (sagardo egin berria).

Afaldu ondoren jendea piska bat berotzen zen, kargatu ere bai, eta orduan, han bertan montatzen zuten txalaparta.

Normalean atarian, kanpoan, eta berehala txalaparta jotzen hasten ziren.

Orduan hasten zen festaren zati berri bat, ordurarte etxean zeuden afalkideekin eta hortik aurrera txalaparta entzun ondoren inguruko baserrietatik etortzen zen jendearekin, gazteak gehienbat.

Esaten dute txalaparta 5 kilometroko erradio batean entzuten zela eta horren barnean bizi zirenetako asko inguratzen zirela festa horretara.

Ramon Goikoetxeak dioenez: Tolaretik sagarra jotzerakoan txalaparta jotzeko aukeratzen genuen ohola bustia egoten zen, hezea, eta teilatuan jartzen genuen lehortzeko, hots hobea eman zezan.